Hala Bedi


NONDIK GATOZ

29 urte pasatu dira, mende laurdena baino gehiago Hala Bedi irratiak uhinak okupatzeari ekin zion abuztuko egun hartatik. 1983an jaio zen Hala Bedi irratia, helburu argi batekin, ahotsik ez zutenei ahotsa ematea, komunikatzeko modu ezberdin baten alde lan egitea. Asko aldatu da dena denbora honetan zehar. Asko aldatu da egoera soziala, jendartea, bizimodua oro har. Eta handia da gaur egungo Hala Bedi irratiaren eta hasiera hartakoaren arteko aldea. Hala ere, badira komunean eta bere horretan mantentzen diren beste ezaugarri asko eta asko.

Irrati bat baino zeozer gehiago garela esaten dugu, gainontzeko irratiengandik bereizten gaituzten ezaugarriak ditugulako oinarri. Autogestioak, asanblada bidezko funtzionamenduak, komunikazio hurbil eta parte hartzaileak, inongo interes ekonomiko zein politikoren menpe ez egoteak eta urte hauetan guztietan herri mugimenduaren tresna izateak egiten gaitu libre, besteengandik desberdin. Horregatik definitzen dugu geure burua, hain zuzen ere, irrati libre bezala.

Hala Bedi herri mugimenduaren ekimenez sortu baitzen 1983ko abuztuan. Jai giroan murgildurik zegoen hiriburu artifizial honetan bertan. Zegoenarekin konforme ez eta zerbait aldatu nahi zuten haiek denek eman zioten hasiera letra txikiz idatzitako historia handi honi. Hertzainak, Potato eta La polla records bezalako taldeek kaleak aztoratzen zituzten garaiak ziren. Mugimendu autonomoa, punkiak eta bestelakoak biltzen ziren orduko Gasteizko kaleetan. Eltze hartan hasi ziren prestatzen oraindik orain bizirik dirauten mugimendu asko. Hala Bedi irratia horietako bat baino ez da. Gasteizko Gaztetxearekin batera, hiri honetan errealitate ukaezin bihurtu den proiektu herritar eta autogestionatua. Belaunaldiz belaunaldi eta sasi guztien gainetik bizirik mantendu direnak biak ala biak. Gauzak beste modu batera egitea posible dela frogatzen saiatu direnak ibilitako bidean zehar. Batzuetan gehiago asmatuz eta beste batzuetan gutxiago. Eta garrantzitsuagoa dena, gure ezintasun eta hanka sartzeetatik ikasiz beti.

Lan bolondresari esker handituz eta haziz joan da Hala Bedi, gainontzeko komunikabideen artean bere lekua egitea lortu arte. Esaten genuen lehen ere, asko aldatu da mundua ordutik eta bidean dena ez da erraza izan. Oztopo askori egin behar izan zaio aurre, behin baino gehiagotan saiatu dira mikrofono hauek isilarazten. Baina ez dute lortu. 80.hamarkadaren bukaera eta 90.aren hasiera zailak izan ziren benetan. Lau bat aldiz bidali zuten polizia estudio txiki eta umilak prezintatzera. Uhinetan jarraitzea bera ere nahikoa zen orduan.

Urte batzuk beranduago, eta gogoeta sakon baten ondorioz, nahi zuenak nahi zuena esateko irrati bat izatetik proiektu komunikatibo sendo eta heldu bat izatera ailegatu zen Hala Bedi irratia. Hiriko kolektibo ezberdinen parte hartzea sustatzea eta teknologia berrien aldeko apustua behar-beharrezkoak izan ziren horretarako. Programazio finko bat lortzea, komunikatzeko eta lan egiteko modu bat definitzea lortu zen ekaitz osteko urte haietan. Helburu zehatzak jarri ziren abian eta horretarako bitartekoak bilatu. Eta horrela, apurka-apurka eta gure mugak onartuz, ailegatu gara gaur egun gauden lekura.